Bizipoza Jaiaren prentsaurrekoa

Aikor aldizkaria 2017-07-12

Irailaren 17an Bizipozaren jaia izango da Derion eta antolatzaileek egun horretarako prestatutako egitaraua aurkeztu dute. Ekitaldian Esther Apraiz Derioko alkateak, Leire Elizegi Bizipoza elkartearen kideak eta Luisma Landaluze Gure Señeak elkartearen kideak hartu zuten parte. Era berean, Kale Dor Kayiko, ASPANOVAS Bizkaia eta Sanfilippo Umeen Euskal Elkartearen ordezkariak izan ziren bertan.

Bizipoza elkarte anitza da, elkarteen elkartea, bere baitan izaera bereziko 33 elkarte hartzen dituena. Beraz, Bizipozaren jaiaren egitaraua ere anitza izango da. Derion, bost gune atonduko dira: gune bi, Arantzazu kalean; beste bat, kiroldegiaren barruan, beste bat, frontoietan, eta beste bat, futbol eta tenis zelaietan. Gunetara sartzea eta ekitaldiak doan izango dira; Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izan ezik. Horrek bost euro balioko du eta sarrerak abuztuaren bigarren hamabostaldian ipiniko dira salgai, interneten bidez eta bost eurotan.

Jaiari goizeko 10etan emango diote hasiera eta arratsaldeko 6ak arte iraungo du. Arantzazu kaleko oholtzako gunean Piko-Piko jolasean aritzeko aukera izango da. Jolasak Bizipoza osatzen duten elkarteak eta haien lana ezagutaraztea du helburu, eta hura amaitzen dutenek eskumuturreko bana jasoko dute saritzat. Era berean, musika, dantzen erakustaldia, tailerrak, dantzaldia eta txokolatada egongo dira bertan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek beren ikuskizuna eskainiko dute kiroldegi barruko gunean, eta bertan ere izango dira Derioko antzerki eskolako umeen saioa eta ipuin kontalaria. Frontoi txikian, Bizipozako elkarteen ordezkariak egongo dira egun osoan zehar, hurbiltzen denari beren lanari berri emateko, eta frontoi handian bazkaria egingo da 14:00etatik 16:00etara. Antolatzaileek 1.000 lagunentzako bazkaria aurreikusi dute eta txartelak egunean bertan erosi beharko dira, bost eurotan.

Bestalde, futbol eta tenis zelaien gunean Irrien Lagunak Klubeko puzgarriak ipiniko dira, eta rockodromoa eta ohe elastikoak ere egongo dira, BBK Fundazioaren eskutik. Baita Derioko AMPAk antolatutako tailerrak ere. Azkenik, Arantzazu kaleko behealdeko gunean, besteak beste, giza mahai-futbola eta futbol-txapak egongo dira, Athletic Club Fundazioak antolatuta; eta tailerrak, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren eskutik. Aipatutakoez gainera, elkartasunaren tonbolak egingo dira, eskumuturrekoak banatuko dira eta Bizipoza elkartearen materiala ipiniko da salgai.

 

Elkarlana, ezinbestekoa

Antolatzaileek deia egin diete herritarrei, jaian eta ekitaldietan parte har dezaten. Horren haritik, Apraizek eta Landaluzek azpimarratu dute Derio herri solidario bat dela, beti besteei lagundu eta edozein egitasmotan parte hartzeko prest egon dena, eta Bizipozaren jaia beste hitzordu bat dela, derioztarren elkartasuna agerian uzteko. Izan ere, elkartasuna eta elkarlana ezinbestekoak dira jaia aurrera ateratzeko. Hala, hainbat lagun hurbildu dira antolatzaileengana, euren laguntza eskaintzera, baina, aipatu diguten moduan, oraindik ere laguntza gehiago behar dute, jaia eta haren inguruan dauden ekitaldiak eta bestelako kontuak ederto atera daitezen. Antolatze-lanetan lagundu nahi duena antolatzaileekin ipini daiteke harremanetan, helbide elektroniko honetara mezu bat bidalita: itsaso@bizipoza.eus.

Bizipozaren barruan dauden elkarteek oso esparru ezberdinak jorratzen dituzte. Hala ere, funtsean, balio berdinak dituzte komunean. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek errealitate ezberdina duten umeak eta familiak ezagutu dituzte beren ibilbidean, eta horrek Irrien lagunak klubetik Bizipoza elkartea sortzera bultzatu zituen. Elkarteak solidaritatea du oinarri; eta hobea den mundu bat sortzea, helburu. Guztiontzako mundu bat, hain zuzen ere. Alaitasunez, elkartasunez, maitasunez, aniztasunez, elkarlanez… betetako mundu bat.

 

Ekitaldiak

 

Arantzazu kaleko oholtzako gunea

10:00: Elkarteen topaketa.

11:00-13:00: Piko-Piko jolasa, Bertoko taldeko trikitilariekin eta Irrien lagunak klubeko kideekin.

13:00: Agurra. Taberna Ibiltaria herrian zehar ibiliko da; eta Irrien lagunak klubekoak, frontoi txikian.

13:20: Kantarelux abesbatza eta Lainomendi dantza taldea.

14:00: Piperdun flamenko taldea.

14:15-15:00: Taberna Ibiltaria.

16:00: Kaxoi eta txalo tailerrak, Kale Dor Kayiko elkartearen eskutik.

16:30: Ane eta piratak parrandan. Bizipozako elkarteekin batera dantzaldia.

17:30: Txokolatada.

18:00: Jai amaiera.

 

Kiroldegi barruko gunea

11:30: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Tipi tapa Korrika ikuskizuna.

15:00: Kukuke antzerki eskolaren dantzaldia.

15:20: Ipuin kontalaria: Urrezko sagarra, Josu Camararen eskutik.

 

Comparte...Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Email this to someone

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *