Atzo Bizipozaren jaia aurkeztu zen Txorierriko Baserri Antzokian. Jaia irailaren 17an egingo da Derion eta aurkezpenean hauek hartu zuten parte: Esther Apraiz Derioko alkatea, Joxe Mari Agirretxe “Porrotx”, Leire Elizegi Bizipoza elkarteko kidea, eta Luisma Landaluze Gure Señeak Derioko elkarteko kidea

 

Derio bizipoztuko da irailean

Bizipoza elkartea izaera bereziko Euskal Herriko 33 elkartek osatzen dute, eta jaiak horien lana ikusarazi eta gizarteratzea du helburu. Elkarteen artean, eta banaka batzuk aipatzearren, daude Sanfilippo Umeen Euskal Elkartea; Aspanovas Bizkaia, minbizia duten umeen gurasoen elkartea; Chrysallis Euskal Herria, adingabe transexualen familien elkartea; eta Kale Dor Kayiko, ijito kultur elkartea. Baita Derioko Gure Señeak ere.

Aurkezpenean azaldu zuten bezala, irailaren 17an hainbat ekitaldi egongo dira Derion, hala nola, elkarteen arteko harremanak indartzeko ekintzak, umeentzako tailerrak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna, Irrien lagunak klubaren ekitaldia, eta bazkari herrikoia. Gainera, elkarte bakoitzak bere standa edukiko du. Nolanahi ere, jaian parte hartzeko deia luzatu diete Derioko eta Txorierriko taldeei eta norbanakoei, haiek ere ekintzari beren ekarpena egin diezaioten eta denon artean egun osoko egitaraua osatzeko. Hala, datorren eguenean, maiatzaren 25ean, batzar zabala egingo da arratsaldeko 7etan, Kultur Birikan, proposamenak eta ideiak azaltzeko. Izan ere, auzolana bizipoza jaiaren ardatz nagusietariko bat da. Beste batzuk euskara, balioen transmisioa eta bizipoza bera dira.

Bizipozaren jaia Usurbilen eta Tolosan egin dira aurretik, eta batez beste 5.000 lagun batu dira bertan. Era berean, 100 boluntario ibili dira lanean. Hain tamaina handiko ekintza Derion antolatzea erronka ederra da eta Gure Señeak elkarteak “ilusioz eta beldur apur batekin” helduko diote hari. “Baina hemen gaude, eta gogotsu. Bizipozaren barruan gauden elkarteok egoera zail bat dugu, hala ere, alde positiboa ikusi ahal izatea eta hori balio berberak dituzten beste elkarte batzuekin partekatzea oso pozgarria da”.

Bizipoza elkartea Irrien lagunak klubetik sortu zen. Klub hori Katxiporreta pailazo taldeak, Elkar argitaletxeak eta Berria egunkariak sortu zuten, eta Euskal Herriko umeei eta beren familiei zuzendutako komunikazio eta harreman-esparru estrategikoa da, batez ere ikuspegi hezitzailea duena. Joxe Mari Agirretxek aipatu zuen moduan, beren ibilbidean errealitate ezberdina duten umeak eta familiak ezagutu dituzte, eta horrek bultzatu zituen haratago joan eta Bizipoza, elkarteen elkartea, sortzera. Elkarteak solidaritatea du oinarri; eta hobea den mundu bat sortzea, helburu. Guztiok lekua dugun mundu bat hain zuzen ere. Beren leloak dionez, munduak guztiontzat beharko luke.

 

FUENTE: AIKOR